2010, Maiatza 16

Sydney

Eta Melbourne-tik Sydney-ra itzultzen gara. Hegaldia, maletak, aterpetxerako bidea… A ze aterpetxe! Bai Australia eta baita Zelanda Berria-n ere, nazioarteko aterpetxeak (YHA) luxuzkoak dira. Balore segurua. Egon garen hau onenetarikoa da eta 8 solairu ditu: igerilekua, zinema, barbakoa, terraza, hainbat sukalde, kafetegia, taberna, saloiak… Gainera hiri erdian kokatua dago, kalea zeharkatuta tren geltoki nagusia dago eta beste aldean txinatar auzoa.

Bisita lasaitasunez egin dugu. Opera House, badia gaineko zubia, The Rocks deituriko lehen kokalekua, txinatar auzoa, Victoria Erregina komertzial zentroa… kalean gora eta behera tranbia, autobusa eta ferry-arekin.

Paseatzera joan ginen, trenez oraingoan, barnealde eta naturarantz egun pare baterako, Blue Mountain-erantz. 1.016 metro altuera eta fresko gehiago egiten zuen Katoomba izeneko herrian bi egun igaro genituen non ibili eta itzulera handia egin aurretik atseden hartu genuen.

Sydney

Sydney-en bigarren etapa urrunago zeuden beste toki batzuk bisitatzera eman genituen. Lehen begi bistaz badiara begiratzen duen hiria dela dirudi, erdialdean usoak baino kaio gehiago ikusten bai dira, baina oso handia da eta auzo bakoitzak bere erritmora dihardu. Giro handiko King Street Newtown-en, Glebe edo Oxford Street-eko bigarren eskuko eta diseinatzaileen gauzen merkatuak, arrain merkatu erakargarria, Surfisten Bondi hondartza edo txinatar gauezko merkatua dragoi dantzaria barne.

Asiar komunitatea oso garrantzitsua da eta alde guztietan ikusten dituzu txinatarrak, tailandesak, vietnamitak, japoniarrak, malasiarrak… Sushi galantak afaldu ditugu, noodle-lak, curry-a eta rotis-ak ezagutu genituen antza denez orain modan dagoen Mamak izena duen malasiar batean.

Sydney hiri handia da, kaotikoa eta mugimendu askorekin. Townsville-ko lasaitasuna faltan topatuko al dugu ba? Ezzz…